Tradizio historikoan, Olentzero Euskal Herrian
Eguberria eta Jesus Nazaretekoaren jaiotza iragartzen dituen euskal
mitologiaren eta folklorearen pertsonaia da. Toki batzuetako kondairen arabera,
azken jentila ere bada, Kixmi edo Jesusen jaiotzaren ondoren beste guztiak
desagertu eta gero. Olentzeroren antzinako jatorria paganoa da ordea eta neguko
solstizioko ospakizunetako pertsonaia da, non urte zaharraren amaiera eta urte
edo eguzki berriaren etorrera ospatzen diren. Tradiziozko ospakizunean, urte
zaharra irudikatzeko,Olentzero itxurako panpinak ikazkin zikin, arlote,
edale eta jatuna irudikatzen du eta kalez kale eta etxez etxe eramaten dute
andetan haur eta gazteek, eskea eginez. Beste batzuetan, ordea, Olentzero
moduan mozorrotutako gazte bat da lagun-taldearekin batera doana, eskea eginez
betiere. Toki batzuetan kondaira eta abestietan bakarrik aipaturiko pertsonaia
izan da. Gehienetan Gabon egunean, abenduaren 24an, ospatzen da Olentzero.
Egun, mundu zabaleko Bizarzuriren antzeko ordezko pertsonaia bilakatu eta, hark
bezala, haurren gutunak jaso eta opariak banatzen ditu, askotan pertsonaia bizi
moduan. XX. mendeko bukaeratik, Mari Domingi pertsonaia femeninoa ere izan du
lagun. Sekularizazioari jarraiki, kristau izaera ere galdu du; aldi berean,
ordea, Euskal Herriko eguberrietako pertsonaia nagusia izaten jarraitu du
euskal identitatearen ikur garrantzitsu moduan.
Olentzeroren abestia:
Olentzero
joan zaigu
mendira lanera
intentzioarekin
ikatz egitera.
Aditu duanian
Jesus jaio dela
lasterka etorri da
berri ematera.
Horra, horra,
gure Olentzero,
pipa hortzetan duela
eserita dago
kapoiak erre baitu
arrautzatxoekin
bihar merendatzeko
botila ardoakin.
Olentzero buruhandia
Entendimentuz jantzia
Bart arratsian edan omen du
Hamar arroko zahagia
Hau urde tripa haundia!
Tralalala tralalalala (bis)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina