2015(e)ko azaroaren 10(a), asteartea

Olentzero


Tradizio historikoan, Olentzero Euskal Herrian Eguberria eta Jesus Nazaretekoaren jaiotza iragartzen dituen euskal mitologiaren eta folklorearen pertsonaia da. Toki batzuetako kondairen arabera, azken jentila ere bada, Kixmi edo Jesusen jaiotzaren ondoren beste guztiak desagertu eta gero. Olentzeroren antzinako jatorria paganoa da ordea eta neguko solstizioko ospakizunetako pertsonaia da, non urte zaharraren amaiera eta urte edo eguzki berriaren etorrera ospatzen diren. Tradiziozko ospakizunean, urte zaharra irudikatzeko,Olentzero itxurako panpinak ikazkin zikin, arlote, edale eta jatuna irudikatzen du eta kalez kale eta etxez etxe eramaten dute andetan haur eta gazteek, eskea eginez. Beste batzuetan, ordea, Olentzero moduan mozorrotutako gazte bat da lagun-taldearekin batera doana, eskea eginez betiere. Toki batzuetan kondaira eta abestietan bakarrik aipaturiko pertsonaia izan da. Gehienetan Gabon egunean, abenduaren 24an, ospatzen da Olentzero. Egun, mundu zabaleko Bizarzuriren antzeko ordezko pertsonaia bilakatu eta, hark bezala, haurren gutunak jaso eta opariak banatzen ditu, askotan pertsonaia bizi moduan. XX. mendeko bukaeratik, Mari Domingi pertsonaia femeninoa ere izan du lagun. Sekularizazioari jarraiki, kristau izaera ere galdu du; aldi berean, ordea, Euskal Herriko eguberrietako pertsonaia nagusia izaten jarraitu du euskal identitatearen ikur garrantzitsu moduan.



Olentzeroren abestia:

Olentzero joan zaigu
mendira lanera
intentzioarekin
ikatz egitera.
Aditu duanian
Jesus jaio dela
lasterka etorri da
berri ematera.

Horra, horra,
gure Olentzero,
pipa hortzetan duela
eserita dago
kapoiak erre baitu
arrautzatxoekin
bihar merendatzeko
botila ardoakin.

Olentzero buruhandia
Entendimentuz jantzia
Bart arratsian edan omen du
Hamar arroko zahagia
Hau urde tripa haundia!

Tralalala tralalalala (bis)

2015(e)ko azaroaren 3(a), asteartea

Agate deuna


Santa Agata jaia edo Dona Agata jaia, beste euskalkietan Santa Ageda bezpera, Agate Deuna jaia eta Santa Ageda festa izenez ere ezaguna, otsailaren 5ean edo bezperan Euskal Herrian eta katolizismoak indarra duen edo izan duen beste hainbat tokitan ospatzen den jaia da. Izan ere, Cataniako Agata santuaren eguna otsailaren 5a da Eliza Katolikoaren santutegian, eta ohitura da egun horretan edo bezperan herrietan koplak kantatu eta diru edo janari eske ateratzea. Euskal Herriko herri askotan, makilekin ateratzen dira kalera, erritmoa markatzeko lurrean joaz; beste herri batzuetan, Kintoak ospatzen dira egun horretan.

Beste hainbat erlijio ospakizunetan bezala, Euskal Herrian kristautasunaren aurretiko hainbat elementu paganorekin nahasita ageri dira kristau elementuak. Hartara, Santa Agata askotan abere gisa irudikatzen da: ahuntz edo katu itxurarekin. Ablitasen, uste zuten Santa Agata bezperako gauean banatzen zirela hurrengo urtebeterako ekaitzak

Abesti batzuk:

 Santa ageda, gure martiri maitea

Santa Ageda, Ageda;
gure martiri maitea,
etxe honeri eman eiozu:
zoriona ta bakea.
  
Zorion etxe hontako denoi
oles egitea gatoz
aterik ate ohitura zaharrak
aurten berritzeko asmoz

Santa Ageda, Ageda;
gure martiri maitea,
etxe honeri eman eiozu:
zoriona ta bakea.

Heriotz eder-ederra,
euki zenduan Ageda
zeruko ateak zabaldurikan
hartu zenduan bakea.

Eskerrik asko jendea
bizi gaitezen bakean
gero zeruan batu gaitezan
Agedarekin batera.

Aintzaldun daigun Agate deuna


Aintzaldun daigun Agate Deuna
bihar da ba Deun Agate
etxe honetan zorion hutsa
betiko euko al dabe.

Santa Ageda bezpera dugu
Euskal Herriko eguna
etxe guztiak kantuz
aukeratua duguna.

(lekuko izena) etorri gara
taldean neska-mutilak
Santa Ageda omenez hartuta
soinuaz eta makilaz.
Bat, bi, hiru... Eup!!